Lehenengo asteburuko iltzea eta gero, (kostata eman genion buelta batzuk) urteurreneko bigarren asteari ekin genion aurreko asteartean Putzuzulon. Gaztetxeko aurpegia den fatxada morea, aldatzeko nahiarekin, goizeko 9etan pintore talde bat bildu ginen. Morea gorriz, granate eta horiz aldatzeko asmoarekin, ekin genion pintaketa lanari, hamaiketarako tartea ere izan genuelarik. Ikaragarri polita gelditu da beste behin, okupaziora deialdia egiten duen pintada erraldoi horrekin gure putzuzulo maitea. Zorionak egindako lanagatik!
Gelditu gabe asteazkenean bildu ginen, asanblea eta garbiketa sakona egiteko gaztetxean, antolaketa eta garbiketa ere behar beharrezkoak direlako. Horrela, datozen egunetan genituen deialdi, ekimen etabarrak errepasatu eta gero, osteguneko tertulia iritsi zen. Musika zuzenean web gunearen aurkezpena izan genuen, Koldo Otamendiren eskutik. Eta bertan, zarautz eta Euskal Herri guztian musikaren industriak eta orokorrean musika alorrean dauden, behar, hutsune, egoera eta kezketaz jardun ginen.
Ostiralean kanturako, trikitixarako eta aurreikusi gabeko txisteetarako tartea izan genuen. Ohikoa bilakatu den kantu afari eta tortilla patata lehiaketa burutu genuen Putzuzulon eta zelako tortilla goxuak, bai horixe! Presoen aldeko kontzentrazioa eta gero trikitilariek lagunduta poteoa egin genuen herriko zenbait tabernetatik, gaztetxera iritsi aurretik. Ondoren, ensaladak prestatu, tortillak moztu eta Montetxio koruak abesti eder batekin otordua alaitu eta gero, tripak ireki eta tortillan epaile lanetan hasi ginen denak. Zenbait opari ere izan genituen, tortilla goxuena, zaporetsuena, xoxuena…etabarrari…eta espero gabeko txiste kontaketa batek afalostea parrez bete zuen. Hau txiste berde pila kontatu zituztenak Montetxioko andreek!
Huracana eta ekaitz tropikala ondo lotuta genuenean, festa karibeñuari bide eman genion larunbatean. Putzuzulo huracanak halare, euri pixkat ekartzeaz gain, jende andana ekarri zuen, Tik tara eta DJ Makalak alaitu zuten festara. Kanpoko kolore grisaren aurrean, kolore biziz eta fruta tropikalez bete zen areto handia. Inoiz dantza egin ez dutenak ere dantzan jarri zituzten salsa, swin, elektro eta boogaloo doinuek. Sekulako festa beste behin!
Igandea ordea, hankak deskantsatzeko asmoz, KING KONG neska antzezlana izan genuen. Ordu erdiko emanaldian, hankaz gora jarri zituen emakumeekin lotzen diren ezaugarri guztiak, emakume izateko hamaika eredu eta forma aldarrikatuz.
Be the first to comment