2018, Zarauzko maketa

eutxourrei beti
 
Ikusgai da 2018. urteko Zarautzen maketa, pasen y vean! Imaginatu nolakoa izango den hogei urte barru gure herria, txukuna ta garbia, idilikoa, pentsa zein ederrak izango diren kioskoetan salduko diren postalak, ikusgarriak. Izan ere, gure udalak iada pentsatu du gure herri honek zer behar duen gaur egun ia-ia laztantzen duen perfekzioa lortzeko: Polikulturala, bulego-dorrea, eta etxeak noski, asko gainera eta garestiak badira hobe, horrelako herri ederrean nibeleko jendea izan dezagun behintzat.
 
Ederki pentsatu dute dena, eta ez dute gure laguntzarik behar izan. Bueno, salberdineko proiektu ezberdinen artean politena aukeratzen utzi digute, ez dezala gero jendeak esan partehartze zinegotzia alperrik dagoela. Baina gai garrantzitsuetan, ordea, nahikoa azkarrak dira beraiek dena ongi pentsatzeko. Salberdinen 900 etxebizitza. Erdiak babestuak direla esango dute, baina honek esan nahi du beste erdia librea dela. Eta zertarako behar ditu hainbeste etxebizitza berri urteak eta urteak etxebizitza hutsen arazoa bizkar gainean daraman herriak? Ba al du udal honek arazo honi aurre egiteko alternatibarik? Bururatu ote zaie alokairua sustatuko lukeen politika edo ideiarik?
Babestutako etxebizitzena zauri sakon batean tirita bat jartzea bezala da, eta arazo baten aurrean hauek maketa bat eskeintzen digute.
 
Gizarte-ekipamenduak ere eraiki behar omen dituzte, ideia bikaina eta herriaren onurarakoa noski, baina honek ere badu bere alde iluna. Polikulturala esate baterako, postal eta turismo gidetarako eraikina besterik ez da. Nola sinestu behar dugu horrelako gauza bat herritarrentzako eraiki nahi dutela? Urteetan zehar antzoki publikorik izan ez eta orain milioiak eta milioiak balio dituen auditorio bat eraiki nahi, arkitektoa izen onekoa eta soldata hobeagokoa gainera. Eraikin berezia herri bereziarentzat, ezta? Iritako dorrearekin “a juego” izango da gutxienez.
 
Eta eraikin publikoekin jarraituz Abendañoko gazte-ekipamendua aipatu behar, ez omen zaio ezer faltako, ezta gazteek autogestionatutako espazio bat ere! Baina ze uste dute, herritik botako gaituztela ala? Nork ulertu dezake gazteen bilgune izango den eraikina herritik kanpo egitea? Honen aurrean behin baino gehiagotan eta arrazoi bat baino gehiagorekin azaldu du hainbat gazte eragilek bere ezadostasuna eta hala ere udalak burugogor jarraitzen du bere asmoarekin.
 
Herrian hainbat hutsune izan dira urteetan zehar eta orain bat-batean Zarautz berri bat eraiki nahi digute. Ez dezatela esan hemen dirua falta denik. Pertsona azkar batek esan zuen eraikuntza pribatuaren krisiaren ondoren, eraikuntza publikoaren aroan sartuko ginela eta ez zitzaion arrazoirik falta.
 
Zein eskubide dute horretarako? Hau al da politika parte hartzailea? Zein papel betetzen du herritar batek? Eskubiderik ba aldugu ezertarako ala esandakoa onartu besterik ez dugu? Zein demokrazia da oposiziorik gabekoa? Zein politika klase da hau?

Be the first to comment

Leave a comment

Your email address will not be published.


*