HITZA:Udalari “berehalako erantzun publikoa” eskatu dio Xakela Gaztetxe Asanbladak
“Herritarren babes handia” eskertu eta astebururako “egundoko kirol ikuskizuna” aurkeztu dute
Zarauzko Gaztetxeak ateak zabaldu eta laugarren egunean, prentsaurrekoa eman du Xakela Gaztetxe Asanbladak, eraikina okupatu zutenetik jaso duten babes zabala eskertuz. “Hiru egunetan Gaztelekuan urte osoan baino jende gehiago ibili dela” aipatu, eta Udalari “berehalako erantzun publikoa” eskatu diote. Halaber, astebururako, “Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko kirolari onenekin”, skate, BMX, mountain board eta rollers ikuskizuna aurkeztu dute, “310project.com” ekimeneko kideek antolatuta.
Prentsaurrekoko testua:
“Egunon denoi, eta ongietorriak Zarauzko Gaztetxera.
Jada jakingo duzuen bezala, igandean sartu ginen urte askoan hilik egon den eraikin honetara, etxeari, auzoari eta herriari kolorea eta bizitza eman asmoz.
Honela, igandean, atea zabaldu bezain laster garbiketa eta egokitze lanei ekin genien. Nabarmentzekoa da hasieratik herritarren eta auzokideen aldetik jaso genuen babesa.
Bestalde, behin lehen garbiketa nagusia eginda, ekitaldi ugari egin ditugu Gaztetxean: herri krosa, herriko tabernen arteko pintxo lehiaketa, bideo emanaldiak, Vladimir literatura taldearen irakurraldia, Mamarro malabar taldearen ikuskizuna, Mollarri eta Iratzarri dantza taldeen erakustaldia, 310project taldearen emanaldia…
Eraikinaren jabea, honezkero dakizuen bezala, Muno da, konstruktorea. Lehen egunetik saiatu ginen berarekin hitz egin eta gure asmoen berri ematen. Antza denez, ez genuen konbentzitu. Bere erantzuna, bi salaketa jartzea izan da, nahiz eta guk aldez aurretik adostasun batera heltzeko proposamena egin, hemen etxebizitzak eraiki behar dituztenean bertatik alde egiteko. Salaketak jarri ditu, ordea, eta orain desalojo arriskuan gaude. Horri aurre egiteko, atzo manifestazioa antolatzea erabaki genuen astelehenean, eta egun bakarrean antolatuta, aspaldian Zarautzen egin den manifestazio handiena, koloretsuena eta alaiena izan zen. 800 lagun inguru bildu ziren. Argi ikusi da, gure asmoa iragarrita herritarren egundoko babesa baldin bagenuen (1.400 sinadura, ehun taberna eta dendatik gora, eta 30 bat elkarte), orain, behin eraikina okupatuta, babes horrek ez duela behera egin. Alderantziz, jendea gogotsu eta zeharo animatuta dago.
Hiru egun hauek izan duten arrakastari begiratu besterik ez dago.
Hala ere, erantzuna, desalojo arriskua da, eta horren aurrean gerta daitekeenaren erantzule nagusia Udala dela oso argi edukita, lehenbailehen, publikoki gertaera honen aurrean erantzun bat ematea eskatzen diogu.
Guk, bitartean, orain arte bezala lanean jarraituko dugu. Egundoko egitaraua dugu antolatuta: gaur, arratsaldeko 19:30etan, Patxi Gaztelumendi kazetariaren hitzaldia dago antolatuta: “Euskal Herria informazioaren gizartean: eredu praktikoakâ€.
Asteburu honetarako, berriz, egundoko ikuskizuna antolatzen ari dira 310project-eko lagunak: skate, BMX, mountain board, rollersak eta abar izango ditugu gure artean, eta alor horietan Euskal Herriko eta Espainiako Estatuko kirolari onenak izango dira hemen, Gaztetxe aurrean.
Herritar guztiak gonbidatzen ditugu bai ekitaldi hauetara, bai Gaztetxea ezagutzera. Denontzat eta denona da Gaztetxea, eta denon artean eraiki eta defendatuko dugu.
Hiru egun hauetan, Gaztelekuan urte osoan baino jende gehiago ibili dela esan dezakegu, lotsarik gabe, eta harro. Eta bide horretan jarraitzeko asmoa dugu.
Xakelaren webgunea ere martxan dago dagoeneko:
http://www.mundurat.net/xakela eta, harrigarria bada ere, 8.000 lagun inguruko bisitatu dute hiru egun hauetan”.